Deskribapena

Bergaranea etxeak, Ultzamako bihotzean kokatua den baserriak, bakeaz egiazki gozatzeko aukera emanen dio bisitariari. Hiriaren zurrunbilotik ihesi eta denboraren ataka gainditurik, edozein etxek eman lezakeen gozamenaz haratago koka dezake hona datorrena.

Etxeak inguruan dituen harizti, pagadi, mendi eta magalek, bai eta enara, miru eta gainerako naturaren hotsek ere, zerumuga eder bezain zirraragarria bihurtzen dute Bergaranearen baitatik hautematen dena.

Larraintzar herrian, baina herri-muinetik at, talaia maisuan dago etxea, Saioa edo Arañotz mendiak bistaratuz, inguru ezin bukolikoagoan dago pribilegioa eskainiz. Bertan, noizean behin berreskuratzea beharrezkoa gertatzen den lasaitasuna aurkituko du bisitariak; isiltasunaren gotorleku, naturaren eskenatoki, bakearen erreinu baita hau.

Etxea

Bergaraneak 10-12 lagunendako tokia du. Etxebizitza osoa lehenengo solairuan kokatzen da. Bost gela bikoitz ditu; Gorosti, Martux, Txopin, Peloxa eta Patxaka. Bost logelen izenak inguruneko fruituen izenak dira; gelek, hala, fruitu bakoitzaren kolorea dute.

Egongela txiki bat du lurreko su batekin. Egongela handia, aldiz, jantoki funtzioa eginez bazkaltzeko, bai eta umeek jolas dezaten edo helduek berriketarako txoko goxoa izateko balia daiteke.

Etxea isolatua dago, umeak han barna inongo eragozpenik gabe aritu ahal izateko, arriskurik gabe, alegia, familiarekin joanez gero. Lagun-taldearekin joateko aukera bikaina da, halaber, inguruan eskaintzen diren zerbitzuek erakargarri egiten dute gurea: mendi-bueltak, natura-ibilbideak, museoak, zaldi-ibilaldiak, ostatuak…

Argazkiak


Kokalekua


Sign In